Lahen Taldea 19 uzt. 2025

Osasunak denboraldiaurreko lehen partida berdindu du Lorienten aurka (1-1)

Gorritxoek aurrea hartu zuten markagailuan Yoldiren golari esker bigarren zatian, baina Frantziako taldeak partida parekatu zuen geldikako ekintza baten ondoren.

Lorient 1-1 Osasuna

Lorient: Leroy (Fofana, m. 62), Yongwa (Leandais, m. 62), Akakpo (Mendy, m. 46), Talbi (Monnier, m. 62), Silva (Sibas, m. 46), Mvuka (Katseris, m. 46), Abergel (Avom, m. 46), Cadiou (Makengo, m. 46), Pagis (Hatchi, m. 46), Le Bris (Bamba, m. 46), Soumano (Tosin, m. 46).

Osasuna: Aitor Fdez. (S. Herrera, m. 46), A. Osambela (Herrando, m. 46), Torró (Moi Gómez, m. 46), Iker Muñoz (Mauro, m. 46), Raúl (Budimir, m. 46), Aimar (Moncayola, m. 46), Rubén García (Kike Barja, m. 46), Pedroarena (Iker Benito, m. 46), V. Rosier (Juan Cruz, m. 46), Abel Bretones (Yoldi, m. 46), Catena (Boyomo, m. 46).

Epaileak: Marc Bollengier, Erwan Finjean eta Mara Pansart. Etxeko taldearen aldetik, txartel horia atera zion Pagisi. Talde bisitariaren aldetik, Boyomo eta Moncayolari txartel horia atera zien.

Golak: 0-1 (m. 57): Yoldi. 1-1 (m. 74): Mendy.

Gorabeherak: Lorient herriko Stade Moustoirren ospatutako lagunarteko partidua, Frantzia.



Osasunak berdinketa lortu zuen Lorienten aurka Stade Moustoirren (1-1). Gorritxoek aurrea hartu zuten markagailuan Yoldiren golari esker bigarren zatian, baina Frantziako taldeak partida parekatu zuen azken txanpan, geldikako ekintza baten ondoren.

Nafarroako taldeak jarrera erasokorra erakutsi zuen lehen minututik, presio altuarekin, aurkariaren irteeran akatsak eragin nahian. Rosier areara hurbildu zen lehen aldiz, errematatzailerik aurkitu ez zuen zentro arriskutsu batekin. Taldeak ondo konbinatu zuen aurkariaren zelaian eta kontraerasoan ere lerroak hausten jakin izan zuen, iritsierak sortuz. Defentsan, Liscik gidatutako taldeak ordena eta diziplina taktikoa mantendu zituen, talde frantziarraren saiakeren aurrean atzera egitea lortuz. Aukera argiak urriak izan ziren, baina nabarmenena 43. minutuan etorri zen, Ruben Garciak baloi on bat area barrura jarri eta Pedroarenak, kontrolatu ondoren, langa gainetik desbideratuta bidali zuenean.

Bigarren zatia erritmo biziarekin hasi zuten bi taldeek. 47. minutuan, Ander Yoldik abisua eman zuen Leroyk gelditu zuen burukada on batekin, eta handik gutxira Katserisek zutoinean jo zuen jaurtiketa. 57. minutuan Osasunak markagailua irekitzea lortu zuen. Kike Barjak area barrura erdiratu zuen baloia, Budimirrek zutoinera bidali zuen errematea eta Yoldik, aldaratzean adi-adi, bigarren jokaldia baliatu zuen partidako lehen gola sartzeko. Lorientek erreakzionatu eta berdinketa lortu zuen 74. minutuan, Mendyk errematatutako korner baten ondoren. Azken minutuetan, Iker Benitok eta Kike Barjak markagailua desorekatzeko azken aukera izan dute, baina Mendyk berak lortu du pase erabakigarria geldiaraztea.

Emaitza honekin, Osasunak bana berdindu du denboraldiaurreko lehen partida. Alessio Liscik zuzentzen duen taldea astelehenean itzuliko da entrenamenduetara, Taxoaren ate irekiko saio bikoitz batean. Goizeko entrenamendua 10:30etatik aurrera eta arratsaldekoa 18:00etatik aurrera. Osasunaren hurrengo lagunartekoa S. D. Huescaren aurka izango da datorren larunbatean, uztailak 26, arratsaldeko 19:00etan La Romaleta futbol zelaian, Lerinen.