Kluba 25 ots. 2026

Zuzendaritza Batzordearen adierazpena

Zuzendaritza Batzordearen adierazpena

Gaur arratsaldean ezohiko bilera egin du Club Atlético Osasunako Zuzendaritza Batzordeak Real Madriden aurkako partidaren amaieran izandako istiluei buruz hitz egiteko.

Lehenik eta behin, Zuzendaritza Batzordeak kezka handia adierazi nahi du partidaren ondoren izandako irudi bortitzengatik eta une horretan taldearen garaipena ospatzen ari ziren zale askok bizi behar izan zituzten izu-eszenengatik. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak joan den larunbatean Sadarreko estadioan izan ziren ikusle gehienen portaera zibikoa nabarmendu nahi du, eta sektore batzuk egiten ari diren kriminalizazioa gaitzesten du.

Arratsaldeko bileran batzorde bat sortzea erabaki dute, joan den larunbatean iragarritako ikerketa ahalik eta independentzia eta berme handienarekin egiteko. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Mikel Vivanco (Operazio eta Bazkidearentzako Arreta Saila), Endika Rodríguez (Bazkidearen Defentsarako Organoa) eta Celso Galar (Diziplina Organoa). Haiek arduratuko dira jasotako testigantzak aztertzeaz, lekukoei eta inplikatuei deklarazioa hartzeaz eta behar den informazioa biltzeaz, topaketaren amaieran zer gertatu zen ahalik eta zehaztasun eta independentzia handienarekin zehaztu ahal izateko eta, beharrezkoa izanez gero, sortzen diren erantzukizunak zehazteko edo bidezko lege-ekintzei hasiera emateko. Klubak bere lana erraztuko du eta bazkideek eta zaleek gertaerak nola gertatu ziren eta alderdi guztiek zer egin zuten gardentasun osoz jakin dezaten lagunduko du. Halaber, batzordeak egokitzat jotzen dituen neurriak proposatzeko ahalmena izango du, larunbatean bizi izandakoak bezalako egoerak errepika ez daitezen.

Era berean, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gertaeren kalifikazioari buruz eta balizko konponbideei buruz gaur goizean esandakoak eskertu eta guztiz partekatzen ditu zuzendaritzak. Ildo horretan, Zuzendaritza Batzordeak, ahal bezain laster, bilera bat eskatuko dio Foru Gobernuari, Sadarreko estadioan jokatuko diren ekitaldietan segurtasuna nork gidatu behar duen eztabaidatzeko.