13 Ekaina - 17:32
Osasunak Jose Arnaizen fitxaketa itxi du
Erasotzailea kosturik gabe iritsiko da eta hurrengo bi denboraldietarako lotura sinatuko du.
Club Atlético Osasunak akordioa lortu du Jose Arnaizekin, eta datorren uztailaren 1ean jokalari gorritxo berria izango da. Jokalaria eskualdatze kosturik gabe iritsiko da Leganes Klubarekin duen kontratu-harremana amaitu ondoren, eta datozen bi denboraldietarako lotura sinatuko du. Deuseztapen-klausula 10.000.000 eurokoa izango da.
Jose Manuel Arnaiz Diazek (1995eko apirilaren 15a; Talavera de la Reina, Gaztela Mantxa) bigarren etapa bat biziko du Osasunan, 2019/20 denboraldiko bigarren itzulia jokatu ondoren. Pandemiak eta harmailetan ikuslerik ez egoteak markatutako sasoia izan zen hura. Talde gorritxora Leganesekin sasoi bikaina egin ostean iritsiko da. Bederatzi gol sartu ditu ezker hegaletik abiatuta eta LaLiga SmartBankeko jokalari erabakigarrienetako bat dela baieztatu du.
Union Deportiva Talaveran hasi zen futbolean, baina gaztetan Valladolidek fitxatu zuen. Aurrera egin ahala, Pucelako lehen taldera iritsi zen, eta hamabi gol sartu zituen Bigarren Mailan. Eztanda hain handia izan zen, Futbol Club Barcelonak fitxatu zuen, eta errendimendu handia eskaini zion bigarren taldearekin. Lehen taldearekin estreinatu eta gola sartu zuen. 2018an Leganesera eraman zuten, orduan maila gorenean ari zena. Bost denboraldiko kontratua sinatu zuen, eta parentesi gisa Osasunari egindako lagapena baino ez zuen izan. Bertan oroitzapen atsegina utzi zuen, bai futbolaren kalitateagatik, bai giza mailagatik. Orain, talde nafarrera itzuliko da eta Sadarreko harmailetan ezagutu ezin izan zuen zaletasunaz gozatu ahal izango du.