Neskak / Historia

2016ko maiatzaren 19an, Osasuna Klub Atletikoak Nesken Osasuna Fundazioa martxan jarri zuen. Proiektu honen helburua, neska jokalari gazteentzat egitura sendo bat sortzea zen, modu horretan, nesken futbola hazi eta haurrak jokatzera animatuz. 

Nesken Osasuna Fundazioa Nafarroako zortzi klubek osatu zuten. Entitate gorritxoaz gain, Burladés, Iruntxiki, Kirol Sport, Berriozar, Ardoi eta Zarramonza fundazioan sartu ziren patrono bezala. Lagunak eta Gazte Berriak, ordea, kolaboratzaile moduan sartu ziren.   

Esan bezala, proiektu honen helburua jokalariak hezitzea eta haientzat oinarri sendo bat sortzea zen, baina epe luzera, entitateak bere nesken lehen taldea maila gorenera igotzea nahi zuen. Horretarako, Osasuna Klub Atletikoak anbizio handiko bereganatze proiektu bat garatu zuen, teknifikazio kurtso eta kolaborazio proiektu ezberdinen bitartez. 

Hiru urte pasa dira geroztik, eta proiektua hazteaz gain, helburu ezberdinak lortuz joan da. Fundazioa osatzen duten klubek elkarlanean jarraitzen dute haien helburuak lortzeko asmoarekin. Entitate gorritxoari dagokionez, bere nesken lehen taldeak bi igoera lortu ditu hiru urteko epe honetan. Aurten zilarrezko mailan ari da borrokan eta sasoiaren hasiera bikaina izan da. Gainera, Nesken Osasunaren bigarren taldeak ere igoera lortu zuen iazko sasoian. Neska gorritxo txikienek proiektuaren etorkizuna ziurtatzen dute.  

Lehen taldeak goranzko bidearekin darrai

Bere hiru urteko bizitzan, Nesken Osasunak bi igoera lortu ditu. 2016/17 denboraldian, Ioseba Sesmaren agindupean, talde gorritxoa Nafarroako maila erregionaleko txapeldun izan zen, Nesken Bigarren Mailara igoera lortuz. Lehendabiziko urtean, gorritxoek asko borrokatu behar izan zuten maila handiko txapelketa horretan. Taldeak laugarren postuan amaitu zuen sasoia, Logroño, Athletic B eta Eibarren atzetik.  

Denboraldi horren amaieran proiektuak inflexio puntu bat izan zuen eta horren ondorioz Mikel Bakaikoa aulki gorritxora iritsi zen. Bere agindupean, Nesken Osasunak sekulako sasoia gauzatu zuen iaz eta Bigarren Mailako bere multzoko txapeldun bihurtu zen, IMQ Kopan txapeldun ateratzeaz gain. Gainera, gorritxoek Iberdrola ligara igotzeko igoera fasea jokatu zuten, baina finalerdietan galdu zuten Badajozeko Santa Teresa taldearen aurka 

Milaka pertsonek bete zituzten El Sadarreko harmailak

Bakaikoaren taldea, txapelketan lortutako arrakastaz gain, beste lorpen garrantzitsu batzuen protagonista izan zen. 2017/18 denboraldian, El Sadarrek historian lehen aldiz bere ateak nesken futbolari ireki zizkion Osasuna eta Pradejon taldearen arteko neurketarako. Hala ere, iaz nesken futbolaren festa bizi izan zen gotorleku gorritxoan. Guztira hiru neurketa jokatu ziren estadioan: Eibar, Alavés eta Santa Teresaren aurka, Iberdrola ligarako igoera faseko finalerdiko neurketan.  

Gipuzkoarren aurkako neurketan, nafarroan nesken arteko futbol partida batek izan dituen ikusleen marka hautsi zen. Guztira 10.250 pertsonek bete zituzten El Sadarreko harmailak, historiara pasako den denboraldi horri amaiera bikaina emateko.