Kluba / Instalazioak / El Sadar Estadioa

El Sadar Estadioa

INSTALAZIOAK

EL SADARREN INGURUKO INFORMAZIOA

NEURRIAK

104M x 67M

ESERLEKUAK

18.375

INAUGURAZIOA

1967ko IRAILAREN 17a


EL SADARREN HISTORIA

Osasuna KAk 1967ko maiatzaren 7an jokatu zuen bere azkeneko partida Donibaneko zelaian. 1921eko maiatzaren 21az geroztik erabilitako estadioari agur esan zion horrela. 1965eko apirilaren 9an ospatutako Bazkide Konpromisarioen batzarrak zelai zaharra saltzea adostu zuen eta 1966ko apirilean Sociedad Navarra SAri traspasatu zion 40 milioi pezeten truke. Beharrezkoa zen estadio berria ikusleendako erosoa izatea, edukiera handiagokoa eta gauez partidak jokatu ahal izateko argiztapen artifiziala edukitzea. Gainera, salmentatik ateratako dirua orduko hartan klubak zuen zor handiari aurre egiteko erabili zen.

Osasuna KAk 10 milioi pezeta ordaindu zuen estadio berria eraikiko zen lursaila eskuratzeko. Eraikuntza lanek 51 milioi pezetako kostua izan zuten eta Donibaneko salmentatik ateratako diruarekin eta aurrezki kutxen maileguen bitartez finantziatuak izan ziren. Obrek hamaika hilabete besterik ez zuten iraun. 14.000 metro kubiko hormigoi erabili ziren eta hauen barrenean 500.000 kilo burni. Egituraren estalkirako 350.000 kilo burni erabili ziren. Sadar estadioak 25.000 ikuslerendako edukiera zuen, horietarik 7.000 eserita. Carlos Erroz Eraikuntzak SA izan zen obrak burutu zituena.

Sadar estadioaren inaugurazioa 1967ko irailaren 2an ospatu zen Real Zaragoza eta Vitoria de Setubal talde portugaldarra aurrez aurre jarriko zituen norgehiagokarekin. Hura izan zen nafarrek antolatutako lehen hiruren arteko txapelketa, hain data berezirako espreski prestatua. Ohorezko sakea Osasuna KAko presidenteak, Jacinto Saldise jaunak, burutu zuen estadioaren arkitektoa zen Tomas Arrarasek lagunduta. Partida arratsaldeko zortzietan ospatu zen eta beharrezkoa izan zen argi artifiziala. Estadioa, bere lau iskinetan kokatutako lau dorrek argiztatu zuten. Horietariko bakoitzak 36 foku zituen eta hegal bakoitzean 19 islatzaile zeuden.

Partida hasi aitzin, San Fermingo erretoreak estadioa bedeinkatu zuen zuzendaritza gorritxoak, bertako autoritateek eta bestelako pertsona garrantzitsuek lagunduta. Hirukian parte hartuko zuten hiru taldeek zelaian barrena desfilatu zuten Iruñeko Udalaren dantza taldearen gibeletik. La Pamplonesa izan zen musika jartzearen arduraduna. Horretaz gain, Osasuna KAren maila baxuen formazio olinpikoa izan zen joko zelaian.

Hiruki txapelketa: Hiruren arteko txapelketa Osasuna KAk, Real Zaragozak eta Vitoria de Setubal talde portugaldarrak jokatu zuten. Lehen partida, inaugurazioaren egunean bertan ospatu zena, aragoar eta portugaldarrak jarri zituen aurrez aurre eta bana amaitu zen. Estadio berrian egindako lehen gola Pedras-ek, Vitoriako jokalariak, egin zuen 57.minutuan.

Hurrengo partida, gorritxo eta portugaldarren artekoa, egun bat geroago ospatu zen gorritxoen garaipenarekin hiru eta batekoagatik. Osabak sartu zuen 28. minutuan Osasuna KAren lehen gola Sadarren. Irailaren 4ean Txapelketa amaitu zen Osasuna KA 0 – Real Zaragoza 3 partidarekin batera. Inaugurazio ekitaldiei amaiera emateko afaria ospatu zen Iruñeko Tenis Clubean. Bertan izan ziren besteren artean agintariak eta txapelketan parte hartutako taldeak.

Osasuna KAk estadio berrian jokatuko zuen lehen liga partida 1967ko irailaren 17an ospatu zen 17:00etan Xixongo Spotingen aurka. Bigarren mailako partida hura banako emaitzaz amaitu zen Jordanak Osasunaren aldeko gola egin zuelarik eta 16.000 ikusleren aurrean.

77/78 denboraldian jasan zuen Sadar estadioak bere lehen aldaketa estetikoa. Orduan jarri baitziren babes hesiak Espainiako Futbol Federazioak hala agindu baitzien Lehen zein Bigarren Mailako talde guztiei segurtasun arrazoiak zirela medio. Eta 81/82 kanpainan lehen aldiz eman zuten telebistaz zuzenean Sadarren jokatutako partida bat. Osasunak irabazi zuen partida hura FC Bartzelona 3-2koagatik gaindituta.

Tribuna berria: ESadar 1989an berritua izan zen Goiko Tribuna Nagusia eraikiz. 561 milioi pezeta kostatu zituen horrek. Garai hartako zorrik gabeko Osasuna KA, administrazioak burutuko zuen saneamendu planetik at geratu zen eta kinielengatik ere ez zen dirua jasotzerik aurreikusten. Orduko presidentearen, Fermin Ezkurra jaunaren, erantzuna tribuna berria Futbol Liga Profesionalak bere gain hartuko zuen zor pribatuari egotziz eraikitzea izan zen. Aldaketa honekin, estadioa 30.000 ikuslerendako edukiera izatera pasa zen. Urte batzuen buruan murriztuko zen edukiera hura, UEFAren gidalerro berriek, segurtasun arrazoiengatik, estadio guztiek soilik eserlekudun tokiak izatera behartu baitzuten.

1998ko abenduan, Osasuna KAk bere lehendabiziko denda ofiziala ezarri zuen estadiobean. 1999ko maiatzaren 29an, estadioaren atzealdean kokaturik dauden Osasuna KAren bulegoak ofizialki inauguratu ziren. Ordura arte, talde gorritxoaren administrazio lana Gaztelu enpantzan kokaturik zeuden bulego karismatikoetan egiten zen.

1999ko urtarrilean aldaketa berri bat gorpuztu zen: bideomarkagailu moderno bat jarri zen gol tribunaren eta Tribuna nagusiaren arteko anguluan. 1999Ko azaroaren 13an Osasuna KAren egoitza sozial berria inauguratu zen eta baita Sadar estadioko batzar gela ere. Sail hauek, bulegoen moduan, Gaztelu Enparantzan kokaturik zeuden ordura arte.

99/00 denboraldiak hainbat aldaketa ekarri zizkion estadioaren kanpoaldeari. Denboraldi honetan bi jatetxe ireki zituzten joko zelaiaren kanpoaldean. Estadioko prentsa aretoa ere lekuz aldatu zen.

Era berean, 02/03 denboraldiak berrikuntza ugari ekarri zizkion estadioari. Aintzineko prentsa kabinak estadioaren goiko tribunara pasa ziren. Kokapen berriak erosotasuna ekarri zien hedabideei eta telebistadun kabina modernoak izatera pasa ziren. Kazetarien aurreko lekuak eserleku VIP batzuk jartzeko baliatu ziren. Gainera, Osasunaren irudiez hornitutako bi lona erraldoi paratu ziren estadioaren kanpoaldean horrela Sadar estadioaren itxura hobetuz. Aldagelen tunela ere garai berrietara egokitu zen.

Osasuna KAren lan administratiboa hazi egin zen eta hortaz bulegoak handitu egin ziren hiru bulego berri eta bilera gela bat eraikiz. 2003Ko maiatzaren 14an Peña Osasunisten Federazioak independienteki eta erosoago lan egin ahal zezan lokal bat inauguratu zen.

Garai berriei egokituriko estadio modernoa sortzeko lanaren gailurra 2003ko udan iritsi zen. Estadioko harmaila goitik behera aldatu zen. Obra handi honekin estadioaren beheko aldea ia bi metro altuago jarri zen zelaiarekin alderatuta ikusleek hobe ikus zezaten. Bertaratutakoak erosoago egon zitezen eserleku berriak jarri ziren ere. Hegalak eta fondoak zabaldu ziren eta banku zaharrak metakrilatozko banku moderno eta berri batzuengatik aldatu ziren. Gradatik bereizteko hesiak ere kendu ziren. Estadioaren bi aldeetan kokatutako bi bideomarkagailu berrik estadioaren barruko berritzeari amaiera eman zioten. Uda hartan bertan, fatxada nagusian kokatutako Osasuna Fundazioaren egoitza berria inauguratu zen.

Birmoldaketa handia

2017ko irailean estadioak 50 urte bete zituen eta aste batzuk geroago bere historian egindako birmoldaketarik handiena planteatu zen. 2018ko uztailean, entitateko lehendakari Luis Sabalzak estadio gorritxoa birmoldatzeko lehiaketa aurkeztu zuen . Estadioa zahartzen joan zen urteak pasa ahala eta klubak jasan zuen krisiak bertan dirua ez inbertitzea ekarri zuen. Segurtasun legeak betetzeko egin ziren aldaketek 18.500 eserleku utzi zituzten eta, ondorioz, osasunak soilik bere bazkideak berritzeko ahalmena zuen, eta ez bazkide berririk egiteko. Gainera, une horretan El Sadarrek ez zituen betetzen ebakuaziorako segurtasun minimoak ezta telebista emankizunerako LaLiga-k exijitzen zituenak. Ondorioz, Zuzendaritza Batzordeak birmoldaketa proiektu berri bat egitea beharrezkoa zela pentsatu zuen. Proiektu honek, gainera, 25.000 eserlekura handituko luke estadio gorritxoa.

Klubak baldintza-agiri bat argitaratu eta futbol munduan une horretara arte parerik ez zuen prozesu bat diseinatu zuen. Nahi izan zuten arkitektura estudioek aurkezteko aukera izan zuten, estadioa birmoldatzeko ideia berriak erakutsiz. Gastua ere mugatu zen: 16 milioi euro gehi BEZ-a gehienez. Azkenean, bost proiektu aurkeztu ziren eta haietako bakoitzean arkitektura estudioek eta enpresa eraikitzaileek elkarrekin lan egin zuten. Bost proiektu horiek Nafarroako Unibertsitateko Museoan aurkeztuak izan ziren 2018ko urrian eta ekitaldira klubeko Zuzendaritza Batzordea, lehen taldea, langileak, beteranoak eta bazkideak joan ziren. Aste batzuetan zehar, bazkideek proiektu bakoitzaren inguruan informazio gehiago lortzeko aukera izan zuten eta, epe hori amaituta, 18 urte baino gehiago zuten bazkide guztiak botoa ematera deituak izan ziren. 11.000 bazkidek baino gehiagok botoa emateko eskubidea izan zuten eta bozketako partaidetza klubeko historiako handiena izan zen, %75a eta 8.400 boto baino gehiago. Gainera, klubeko historian lehen aldiz, bazkideek aurrez aurre eta online botoa emateko aukera izan zuten.

Lehenik eta behin, bazkideek zein birmoldaketa mota (oinarrizkoa, estadioa handitzen ez zuena eta kostu txikiagoa zuena edo birmoldaketa osoa) nahi zuten erabaki behar izan zuten. Oinarrizkoa bazkideen %7,6-ak bozkatu zuen eta osoa bazkideen %90,3-ak. Aurkeztu ziren bost proiektuen artean, OFS Architects eta VDR eraikitzailearen Harresi Gorria proiektuak irabazi zuen, botoen %45,3-a lortuz.

2019ko ekainean hasi ziren obrak Preferencia eremuan. Beheko solairuko gela guztiak bota ziren eta bi taldeen zein epaileentzako aldagela berriak eta aktibaziorako gela bat egin ziren. Bi taldeak elkartzen diren aldageletako tunel eremua eta eremu mistoa ere handitu ziren. Lehenengo pisuan, Komunikazio Departamenturako bulegoak eraiki ziren, bilerak egiteko gela bat sortuz. Prentsa aretoa, kazetarien kabinak eta Vip Palkuak ere birmoldatu ziren. Goiko Tribunan kazetariak esertzeko eserleku bereziak jarri eta existitzen ziren igogailuak hobetu ziren. Zaleentzako komunak aldatzeaz gain, Goiko Tribunara igotzeko eskailera independienteak sortu eta bertako eserleku guztiak berritu ziren.

2019. urteko azkeneko hilabeteetan birmoldaketaren bigarren fasea hasi zen. Estadioa handitu eta 24.400 eserleku izatera heltzeko harmailetan egin beharreko moldaketak hasi ziren.


NOLA IRITSI


ARGAZKIAK