Jardunaldia 28 LaLiga Santander
14/06/2020 22:00hReale Arena vs Real Sociedad - CA Osasuna
Talde gorritxoak lan handia egin du Reale Arenan eta irabazteko aukerak izan ditu.
Osasunak lan handia egin du Reale Arena futbol zelaian eta puntu bat lortu du. Talde gorritxoak lehen zati handia egin du eta atsedenaldira aurretik joan da markagailuan Adrianek penaltiz sartutako gol bati esker. Realak bigarren zatian berdintzea lortu du Oyarzabalek area barruan barkatu ez duen jokaldi baten ostean. Hiru puntuak lortzeko aukerak izan ditu Jagoba Arrasateren taldeak, baina azkenean puntu bat ekarri du Iruñera.
Osasuna jaun eta jabe izan da Reale Arenako berdegunean lehenengo zatian. Talde gorritxoak oso lan ona egin du atzean eta ez dio aukera argirik sortzen utzi Realari. Erasoan, berriz, talde gorritxoak lan bikaina egin du, kontraeraso arriskutsuak sortuz eta baloia ongi mugituz batetik bestera. Baloiaren jabetza bi taldeen artean banatu dute, baina Osasunak penaltiz aurrea hartu du markagailuan.
Ezker hegaletik etorritako jokaldi baten ondorioz adierazi du penaltia epaileak. Jokalari txuri-urdin batek baloia eskuarekin ukitu du area barruan eta horri esker talde gorritxoa aurreratu da markagailuan. Adrianek ez du barkatu eta baloia sareetara bidali du jaurtiketa gogor batekin. Hortik aurrera, Osasuna handitu egin da eta arriskua sortzen jarraitu du. Realak, berriz, bere joko bizia egiteko paradarik izan. Hala ere, etxeko taldeak aukera argia izan du partidaren lehen txanpan, baina Rubenek geldiketa bikaina egin dio txuri-urdinek area barruan egindako jaurtiketa bati, baloia kornerrera bidaliz.
Atsedenaldira huts eta bat joan da neurketa, gorritxoak aurretik. Etenaldiaren ondoren, Realak ongi erasotu du gorritxoen atea. Hala ere, M. Cardonak aukera ona izan du gorritxoen bigarrena egiteko. Aurrelaria ate aurrean gelditu da baina bere errematea gutxigatik kanpora joan da. Bigarren zatia hasi eta ordu laurdenera, Oyarzabalek baloia area barruan jaso du kontraeraso baten ostean eta ez du barkatu Rubenen aurrean. Banakoa ezarri du etxeko taldeak, baina Osasunak ez dio aurpegia galdu neurketari. Gorritxoek lan ona egin dute etxekoen erasoi eusteko eta gutxinaka arriskua sortzen jarraitu dute. Aldaketek freskotasuna eman diote Arrasateren taldeari eta zelai erdian nagusitzea lortu du partidako txanpa batzuetan.
Luzapenean garaipena lortzeko aukera argia izan du talde nafarrak. Eskuinetik etorritako erdiraketa bat kalitate handiarekin errematatu du Darkok orpoz, baina baloia zutoinaren ondotik atera da kanpora. Azkenean, puntu bana Reale Arenan. Osasunak Atletico de Madrid taldea hartuko du datorren asteazkenean Sadarren, 22:00etatik aurrera.